XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

, (...) eta Sabiñek edozein kale bazterreko aulki batean bere bazkaria jango zuen.

Nik ere gauza bera egiten nuen bere adina nuenean, baina gero hamalau urte bete nituenean, eskolara joateari utzi behar izan nion amari eta aitari baserriko lanetan laguntzeko.

Lan hau ez zitzaidan batere atsegin eta beti herrian bizitzeaz, ikasketak jarraitzeaz eta lagunekin kaleetatik zehar ibiltzeaz amesten nuen.

Osteguna zenez, ez nengoen hain desmoralizaturik, asteburua bertan zegoelako eta, azken batean, asteburuak ziren nire dibertsiorako esperantza bakarra, Durangora jaitsi eta lagunekin ibiltzen bait nintzen.

Osteguna eta ostirala nahiko arin pasatu zitzaizkidan eta larunbat arratsaldean, ohi zen bezala, nire baserritik bostehun bat metrotara bizi zen hogeitabost urte inguru zituen mutil batekin kotxez jaitsi nintzen Durangora.

Egun hartan, asaskatzeko beharbada, bizitzan behin harrapatzen den mozkor horietako bat hartu nuen, eta ez dakit ez nola eta ez norekin heldu nintzen etxera, baina hurrengo egunean arropa bustiekin eta zapatak jantzirik nituelarik agertu nintzen ohe gainean.

Izugarrizko buruko mina nuen, eta beldurra ematen zidan aita eta amaren aurrean azaltzeak; hobeki esanda, heurek egingo zizkidaten galderen beldur nintzen.

Zer egin zenuen etxera horrela heltzeko? Zer ordutan etorri zinen eta norekin?.

Hauek eta horrelako beste mila galdera egingo zizkidaten eta nik burua sorbalden artean makurturik gordeko nuen, hitzjario guzti haiek bukatu arte.

Hortan pentsatzeari utzi, arropa garbiak jantzi eta sukaldera jaitsi nintzen; atea poliki-poliki ireki eta ama jadanik mezatara joateko prestaturik zegoela ohartu nintzen bere janzkerarengatik.